XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAI-IGANDEETAKO EUKARISTIAK (C) JAUNAREN JAIOTZA Sarrerako oharpena.

Senideok: Zorionik beroenak guztioi! Salbatzailea jaio zaigu! Jainkoaren errukia eta onginahia, pakea eta grazia Belenen agertu zaizkigu, Haur eginik.

Jaungoikoaren argiak argi egin digu, ilunpean dabilen gizona betiko argi bihur dadin.

Eta honek hauxe esan nahi du, Jesusen jaiotza kristauki ospatu nahi badugu behintzat, hutsean jaso dugun maitasun eta erruki hau gure ingurukoekin banatu behar dugula.

Hauxe da, hain zuzen, gaur Karitasek egiten digun dei berezia ere, gure herriko eta elkarteko behartsuenak gogoan izan ditzagun eta beroiekin eskuzabal izan gaitezen.

Ospatu dezagun eskerronez eta pozik Jainkoaren gureganako maitasun paregabe hau, gure behartsuenak gogoan izanik.

Aintza zeruetan Jainkoak Belengo Haurtxoagan azaldu digun gureganako onginahiak bihotza zabaldu eta Jaunaren aintza abestera eragiten digu.

Belengo Berri ona eman ziguten aingeruekin bateginik, abestu dezagun bihotza betean.

Otoitza
Egiazko argia den Kristoren jaiotzaz
argitzen duzu, Jauna gau (egun) santu hau;
iguzu, lurrean argi honen diztirak ezagutu ditugunok
zeruan Haren aintzaren ederra goza dezagula.

Zurekin eta Espiritu Santuarekin.